Hautagaitza independenteen oinarrizko printzipioei buruzko adierazpena

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ordezkaritza bi sektoretan banatzen da: alde batetik, Ikasle Abertzaleak taldearen aldekoa; eta, bestetik, Lurgorri taldearen ingurukoa. Alderdi politiko garrantzitsuak daude ikasle sindikatu bion atzean, haiei esker laguntza jasotzen dute eta nabarmentzen dira hedabideetan.

Alabaina, egiazki sektore hauek ez dute biltzen ikasleen ordezkaritza nagusia. Bai sektore batek, bai besteak, lotura ideologikorik gabeko ikasleen hautagaitza, talde eta elkarte nahasketa baten beharra daukate, erakunde ordezkaritza edo ikasleen ordezpen soziala lortu nahi badute. Egiatan, hautagai zerrenda independenteok eskuratzen ditugu ikasle gehienen botoak, ikastetxe gehienetan.

Alderdirik gabeak, pragmatikoak eta engaiatuak, talde independenteok oso baliabide urriez aurkezten gara, zabalkunde oso mugatuaz, unibertsitateko klaustroan eta ikastetxeetako batzordeetan gure ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetara. Gure ikaskideei ahotsa ematen saiatzen gara, gure zerrendatan daukagun aniztasuna gainditzen dutela baitakigu; irakasleak jabearazi nahi ditugu, gehienetan ez baitituzte ez arauak, ez gure eskubideak ezagutzen; ahalegintzen gara kontuan har gaitzaten, gure fakultateak, eskolak, campusak eta unibertsitatea kudeatzeko garaian.

Nekaturik gaude, ordutegiak ikasleen bizkar egiten direla ikusita; aspertuta gaude, ikusita ikasleen aitzingidaritzat aurkezten direnak ez direla joaten ordezkaritza organoetara; aski dugu proposamenetan zehazten ez diren kontsigna hutsez; ez dugu gehiago aitzakia izan nahi, sektore batek nahiz besteak kritikatu edo defendatu dezan alderdi baten hezkuntza politika; horregatik erabaki dugu hauteskundeetara aurkeztea.

Gure eginbidea da ikaskideen aldeko lana egitea, ez ideologia baten aldekoa, ez interes partikularren aldekoa. Unibertsitate politikaren eztabaidan partaide izango gara, orain arte bezala, baina beste ikuspegi batez: proposamenak hartuko ditugu aintzat, ez nor den proposatzailea.

Lankidetzan arituko gara ikasleen aldeko lanetan ordezkari izan nahi duenarekin, baina ez dugu onartuko inoren interesen aldeko tresna izatea. Araudiak osorik idatzi izan dira, maiz, gutxi batzuen zerbitzura; bestetan, bazterrean utziak izan dira, organo batzuetan ikasleen ordezkaritzaren fikzio bat egiteko; eta unibertsitateko baliabideak gutxi batzuen esku laga izan dira, ideologia jakin baten zerbitzura.

Ez dago gai garrantzizkorik eta bigarren mailakorik: guretzat kezka dira eta lan egiteko esparru, berdin-berdin, kopisteriaren edo jangelaren arazoak; Ministerioak euskal ikasleei ezarritako murrizketak eta bazterketak Erasmus programako laguntzetan; ikerketa taldeetako ikasleentzat lankidetza bekak eskuratzeko jarritako baldintzak gogortzea; ordutegiak ikasleen arabera egokituak egotea, ez irakasleen beharren arabera soilik; edo Irakaskuntzako Kudeaketa Arauak betetzea ebaluatzen gaituztenean.

Parte hartuko dugu ez bakarrik aulki gehiegi hutsik izaten dituzten ikastetxe batzordeetan, edo urtean bi bileratara antzututako unibertsitateko klaustroan. Campuseko ikasleen batzordeetan parte hartuko dugu, eta geldirik daudenak berraktibatuko ditugu. Exijituko dugu ikasleon partaidetza ez dadila paper busti bat izan, baizik batzorde bat baino gehiago ere. Ahaleginduko gara ikasleen ordezkaritzaren barruan partaide izan daitezen sindikatuen kontroletik kanpo dauden ordezkari ahaztuak. Ikaskideek eskatzen digutena betetzen saiatuko gara, ez alderdi baten arauak.

Hautagai zerrenda independenteon iritziz, ezinbestekoa da ordezkariak aparte egotea alderdi politikoetatik, gazte elkarteetatik, enpresen interesetatik, sindikatuetatik edo pentsamendu askea galarazten duten gainerako mugimenduetatik, eta, orobat, ikasleen batzordeetan hartutako erabakiak arriskuan jartzen dituztenetatik. Ikasleen ordezkaritza ezin da izan politikan sartzeko abiapuntua.

Esandako guztiagatik, behean sinatzen dugunok hitz ematen dugu gure ikaskideen ordezkaritza erabiliko dugula ikuspegi kritikoz, zintzotasunez eta gardentasunez; botere politikoetatik aparte; demokrazia parte hartzailean oinarrituta; legeak aintzat hartuz, eta, guztiaren gainetik, ikasleen alde.

Utzi iruzkina